“IKIMILIKILIKLIK”, J.A. ARTZEREN UNIBERTSOA EZAGUTZEN

Ostegunean, Basteron izan ziren DBH 3. eta 4. mailako eta batxilergo 2. mailako ikasleak JA Artzeren poesia ezagutzen.

“Ikimilikiliklik” izena duen erakusketa hau ordu erdiko iraupena duen instalazio audiobisuala da, non ikusleak Artzeren obra ezagutzeko aukera duen, 1970ko hamarkadatik, gaur egun arte.

Mikel Laboaren abesti ezagun batzuen autorea den artista honek, oraindik badu hain ezaguna ez den, baina aldi berean, interesantea den obra zabal bat. Ikasleek, beraz, proiekzioa ikusi, entzun eta SENTITU behar zuten. Azkeneko hau da, argazkietan, ikasleak lurretik botata egotearen arrazoia.

Esperientzi sentsorial hau Arantzazun, Biarritzen, Usurbilen, Washingtonen eta Bergaran izan da dagoeneko. Iragan astean Andoainen izan zen ikusgai eta gure ikasleek ez zuten aukera alferrik galdu. Gainera, DBH 4. mailako ikasleek kontatu dutenez, orain euskara ikasgaian gai hau bera lantzen ari dira eta primeran etorri zaie ikasi beharko duten hori hobeto ulertzeko.

“Kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean…. Baina horrela ez zen txoria izango…. Hala eta guztiz ere, maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean…”