XABIER EGUNA OSPATZEN, DBH ETA BATXILERGOAN

Astelehenean Xabier eguna ospatu genuen ikastolan. DBH zein batxilergoko ikasle eta irakasleak Arrate frontoian pasa zuten goiza kirol, joko eta pintxo dastaketaz inguratuta. Esan beharra dago, Xabier eguna zela-eta, ikasleek euskaraz bakarrik hitz egiteko konpromezua hartu zutela lehendik eta, gehiengoek, hitza bete zutela esan genezake.

Goizeko 9etan beraz zen hitzordua. Frontoian elkartu eta cola cao-aren digestioa egiteko denborarik gabe hasi ziren ikasleak kirol ezberdinetako finalak jokatzen. Kirolaz gain, joko askoetan parte hartzeko aukera izan zuten ikasle guztiek ere, hala nola, buztana kentzea, lokotxak eta zakua, 3 ilaran… Sormena lantzeko (edota erakusteko) marrazki eta pintxo lehiaketak ere antolatu ziren. Egitarauan hamaiketakoa hartzeko tartetxo bat ere gordeta zegoen eta txistorra pintxoa ezin gusturago jan zuten ikasle eta irakasleek. Eguerdi partean, ikastolara itzuli eta batxilergoko ikasleak bertsoak bota ondoren, karaokean abesten eta dantzatzen aritu ziren DBH eta batxilergoko gela guztiak.

Egunari bukaera emateko, sari banaketa izan zen. Hasteko DBH 1D gelak kiroltasunaren saria irabazi zuen. Bestalde, batxilergoko 2H gelako ikasleak euskararen erabilera eredugarriarengatik sarituak izan ziren. Jokalari hoberenak Eider Goiaran (DBH 4A) eta Ibai Gurrutxaga (DBH 4A) izan ziren eta epailerik onena, aldiz, Ibai Martin (DBH 3B). Bukatzeko, parte hartutako ekintza guztietan puntuaziorik altuena ateratako taldeak eta, beraz, zikloetako irabazleak honako hauek izan ziren: DBH 2A gela 1. zikloan, DBH 3B gela 2. zikloan, eta batxilergoan 2Z gela.

Zorionak guztiei eta datorren urtera arte!

Ikus argazki guztiak, HEMEN