ASTE BEREZIA DBH-n IKASTURTEARI AMAIERA EMATEKO

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre

Ikasturtea ia amaitzear dugun honetan, DBHko ikasleek aste berezia izan dute azkeneko hau. Izan ere, gehienek azterketa bukatu dituzte eta udara noiz iritsiko zain daude. Horrela, iaz egin zen moduan, aurten ere ekaineko azken aste honetan ohiko klaseak alde batera utzi eta ekintza eta irteera ezberdinez beteriko egitaraua izan dute ikasleek.

DBH 1eko ikasleek, esaterako, hosto bilduma bat egin zuten aste hasieran eta baita Ibaialden esperimentu zientifiko bat ere. Ikastolan, aldiz, froga eta pista ezberdinez osatutako ginkana bat egiten difrutatu zuten asteazkenean eta ostegunean, ordea, taldeka marrazki bizidunen bikoizketa lanak egiten aritu ziren. Asteartean, gainera, oso hitzaldi interesgarria jaso zuten denek: ertzainak etorri ziren ikastolara sare sozialen arriskuez hitz egitera. Gaur, ostirala, ikasturteari amaiera emateko, Kontxako hondartzara joan dira.

DBH 2ko ikasleek Tolosako alde zaharra ezagutzen eman zioten hasiera asteari. Asteazkenean, Leitzarango zentralera joan ziren eta bertan, eguraldia lagun zutela aprobetxatuz, bainatu ere egin ziren. Ikastolan, hauek ere bikoizketa saioa eta ginkana izan dute astean zehar eta gaur, hondartzara joan dira, Santa Klara irlara, hain zuzen.

DBH 3ko ikasleek Adarrara irteera egin zuten aste hasieran eta, nahiz eta lehenengo aldapan zertxobait kexatu ziren, ederki pasa zuten eguna. Araztegia ere bisitatu zuten; izan ere, biologiako klaseetan landutako gaia izan da hau eta primeran etorri zaie hura ezagutzea. Astea bukatzeko, Hernaniko piszinetara joan dira.

Bukatzeko, DBH 4ko ikasleek ere hainbat irteera eta proiektu burutu dituzte aste honetan. Gizarteko proiektu bat gauzatu dute; bertan, gai desberdinak jorratu dituzte, hala nola, aisialdia eta hezkuntza, eta gure aiton-amonen garaitik gaur egun arteko hauen eboluzioaren hausnarketa egin dute bideo batean. Zientziari dagokionez, esperimentu ezberdinak egin dituzte irakasleen laguntzaz. Hauek Getaria-Zarautz ibilbidea egingo dute ikasturteari amaiera emateko.

Argazki guztiak ikusteko, KLIK HEMEN

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre