AURTEN ERE IKASTOLAKO IKASLEEK ERREPORTARI GAZTEAK GARAILE

Hogeigarren Erreportari Gaztea lehiaketan lehen saria Ainhoa Manterola eta Irune Gozalok lortu dute Isildutakoak errepikatzen lan itzelarekin.

Bigarren saria, Otegitarrak , bost belaunaldi pilota astintzen lanarekin Ibane Otegi eta Lili Zubeldiak eskuratu dute.

Hirugarren saria, berriz, June Montejo eta Araitz Igerategirentzat izan da, Liburu bilduma hutsetik sorkuntza aretora erreportajearekin.

Epai mahaiaren arabera hiru lanak izan dira bikainak. Lehenengoak tabuen gaia jorratzen du maisuki, bai erlijio, sexualitatearen ikuspegi anitzak edo ezin esanak, ezkutatuak eta eragotziak izan diren giza jarrerak.

Bigarrenak, pilotari belaunaldi baten kronika eta bitxikerietan zehar bidaiatzera garamatza, Otegitarrak jarri arren, aitona Reginorentzat “Txitibartarrak” direnak. Erreportajearen ezaugarri guztiak betetzen dituen lan bikaina.

Eta hirugarrenak, liburutegi baten kontzeptu berritzaileenera eramaten gaitu, Donostiako Tabakalera eraikinean kokatuta dagoen Ubik liburutegira, hain zuzen ere.

Bihoakie bai hauei, bai Ikastolako beste berrogeita hamar erreportajeak egin dituzten ikasleei gure zorionik zintzoenak.

Ekitaldian zehar, gainera, Xabi Paya bertsolari eta itzultzaileak parte hartu zuen; jolas baten bitartez euskara eta euskaldunei buruz izan ditzakegun aurre iritziez hausnartzera bultzatuz. Azken batean, hizkuntzekin ere, pertsonekin bezala, aurre iritziekin jokatzen baitugu. Eta aurre iritziak ez dira egiazkoak izaten askotan, ustezko egiak baizik.