AURTENGO PERTSONAIA GONBIDATUA : BEÑAT HACH EMBAREK

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre

Ostegunean, hilak 9, Beñat Hach Emarek izan zen ikastolan batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei Saharako gatazkaren inguruan hitzaldi bat ematen. Ohitura denez, urtero euskararekin lotura duen pertsonaia ezagun bat gonbidatua izaten da ikastolara eta aurten aita sahararra eta ama ormaiztegiarra duen kazetari honi luzatu zaio gonbidapena.

Ordubete luze iraun zuen hitzaldian, maisuki azaldu zuen zeintzuk izan ziren Saharako gatazkaren eragile nagusiak, garatutako fase ezberdinak eta baita egungo egoera ere. Mapa batekin lagunduta, kontatu zuen nola bigarren industria iraultzaren garaian estatu inperialek kolonizatze-lasterketa batean hasi ziren eta Afrika, pastel baten antzera, elkarren artean banatu zuten. Saharako herri nomadek, orduz geroztik, kolonoek ezarritako mugen menpe egongo ziren. Hasiera batean, Espainia izan zen Afrikako zonalde honetako jaun eta jabe; orain, Maroko da herrialde hau kolonizatu eta gupidarik gabe ustiatzen duena.

Egungo egoera latza da oso. Alde batetik, errefuxiatuen kanpamenduak daude. Hauek Aljerian daude kokatuta; izan ere, han eman zitzaien harrera gatazkatik ihes egiten zuten sahararrei. Munduko basamorturik latzenean omen daude kanpamendu hauek eta zaila dute lurra lantzen, hau ez baita oso emankorra. Dena den, datu baikor bat: hau Afrikako leku bakarra da non 16 urtetik beherako haur guztiak eskolatuta dauden. Bestalde, okupatutako zonaldearen egoera dugu. Marokok Sahara estatuaren zati handi bat kontrolatzen du eta bertan bizi diren sahararrak, askatasunik gabeko biztanle hauek, salaketen beldur eta torturen biktima dira. Bere amona Aaiunen bizi zela aipatu zuen Beñatek baina bera eta bere familia Saharatik atera zirenetik ez zutela berriz elkar ikusterik izan.

Ikus argazkiak, HEMEN

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre