Bazkardoko 2. mailako ikasleek bi urte zituztenetik bertan ibili ondoren, jauzi handi bat egiten dute 3. mailan Txistokira joateko. Jauzi fisikoa eta emozionala, bai ikasleentzat eta baita familientzat ere. Taldearen indarra eta babesa emateko unea da. Festa giroan ospatu eta gogoratzekoa. Festa, gure ikastolako testuinguruan oinarrituta prestatu dugu eta gure nortasunaren sustraietan errotuta, ikasleei adierazi nahi diegun ziurtasuna eta sendotasunari garrantzia emanez.
“Bi dorretxe lotuko dituen zubia.”
Horrela, ospaketa ekainaren 21ean izan zen. 2. Mailako ikasle eta irakasleak Ikastola txikitik abiatu ziren, Sagarmendi dorretxearen babesetik eta beraiekin bertan izandako bizipenen
lekuko, bi adar luze zeramatzaten eskuz-esku; gure sagarrondoa eta astigar japoniar gorriarenak. Trikitixarekin jaitsi ziren “Juanita Alkain” plazaraino eta han kantari eta korrika “ Eugenio
Arregi” zubia igaro “Txistokiko dorretxe” berriruntz, pozez algaraka. Bi izen Juanita eta Eugenio atera ziren taldearen bidera, ibilbidearen lehenengo geldiunean; beraiek ere gure ikasleen babesle. Nola ez dira ba izango babesle, gure ikastolaren sorreran hor egon bait ziren. Juanitak utzi zuen etxea, hortxe plaza horretan zegoena, Ikastolaren lehen eraikuntza izan zen eta Eugenio berriz, eragile kementsu ikastolaren sorrerako taldean.
Leizaran eta Oria ibaiak dagoeneko elkartuta datoz, ibai bakarra dira eta gure ikasleak ibaiarekin batera iritsi ziren Txistokiko jolas eremu handira eta han, 3. mailako ikasle eta irakasleek egin zieten ongi etorria. Suziriaren txinparta zaratatsuarekin batera hasi zen soka-dantza eta gorpuztu zen taldearen indarra eta babesa.
“Denok soka bakarra gara”
Soka, korapilo-zubi, dantza eta pauso bateratuen artean 2.eta 3. mailako ikasleak tartekatu ziren irakasleen ondoan eta bukaeran guztiak eskutik helduta igaro zuten gure dorretxearen
sarrera nagusia. “Gorputzak soka bakarrean lotuz, elkarren arteko sokaren gogoa dantzan jarri zen.”
Argazki gehiago ikusteko, egin KLIK HEMEN.