BIDE HEZIKETA

Herria eta bertako txokoak ezagutzen ari diren honetan, errepideak, autoak eta seinaleak ere Andoaingo paisaiaren parte direla ohartu dira lehenego mailako ikasleak. Astelehenean Orioko udaltzain eta Lehen Hezkuntza 1D ko Ibaren ama den Aloña Zubeldiak bide heziketa saio txiki bat eskaini zien hiru gelei.

Herrian zehar dabiltzanean “nork bere burua eta besteena babestea” oso garrantzitsua dela nabarmendu zien Aloñak. Besteak beste, autoan sartzean segurtasun uhala jartzea ezinbestekoa dela gogorarazi zien eta kotxeko atea zabaldu aurretik ondo begiratzeko gomendioa luzatu.

Saioa borobiltzeko kalera atera eta zebra bideraino hurbildu ziren ikasleak. Bertan gogoan hartu beharreko argibideak eskaini zizkien eta guztien artean errepasatu zituzten: zebrabidera iristean, lehenengo gelditu, ondoren ondo begiratu eta autoa geldi dagoenean zebra-bidea segurtasunez gurutzatu.

Eskerrik asko Aloña! Izugarri ikasi genuen zurekin!