Ikasturte berriko lehenengo astea ezin hobeto borobildu zuten Lehen Hezkuntza 2.mailan. Hain zuzen ere, Buruntza auzoa bisitatzera joan ziren pasa den ostiralean, eta bertan Natxo ikaskidearen amak emandako azalpenak entzun zituzten.
Ba al zenekiten Buruntza auzoan San Martin eliza bat egon zela duela ehunka urte? LH2.mailako ikasleek deskubritu berri dute. Lehengo ostiralean Andoaingo lehendabiziko eliza horren aztarnak bisitatu zituzten bigarren mailakoek. Buruntzako auzotarra da Jaione Ugalde, Natxoren ama, eta eliza zaharraren arrastoen aldamenean hainbat bitxikeria kontatu zizkien neska-mutilei. Eliza zenaren aztarnak eta, bereziki, arkeologoek bertan topatutako hezurduren erreplikak ikusita txundituta geratu ziren.
Andoaingo auzoek hamaika altxor gordetzen dituztela bertatik bertara frogatzeko aukera izan zuten.


