“ERRONKA 2017 OÑATI”: GURE IKASLEAK GARAILE!

Iaz, DBH 2. mailako 11 ikasle elkartu ziren Kilometroak jaiak gazteentzat antolatutako erronkari aurre egiteko. Orduan, bideo baten bitartez, 14 eta 16 urte arteko ikasle hauek lehiaketan parte hartuko zuen taldea aurkeztu zuten. Bideo honen helburua talde lana eta sormena sustatzea zen eta, aldi berean, Kilometroak jaia transmititzeko komunikazio-bide izatea ere. Kurtso amaieran aurkeztu zuten lantxo hura hemen dago ikusgai: https://erronka-kilometroak.joveninhastalos30.com/node/145

Erronkan partaide izango ziren ikastola guztien aurkezpenak eginda, pasa den asteko igandean ospatu zen, beraz, Oñatiko Kilometroetako jaia eta bertan izan ziren gure 11 ikasle horiek eta bi guraso, kapitain gisa. Goizeko 9 eta erdietan beste ikastoletako erronkalariekin elkartu eta talde bakoitzari kolore bat egokitu zitzaion; gure ikastolari, urdin argia. Hiru proba ezberdin egin zituzten; batzuk mentalak, besteak fisikoak. Azkenik, gure ikasleak finalera iritsi ziren non artzai-joko bat burutu behar izan zuten. Jokoan, artzai baten eta zazpi ardiren rola hartu zuten.

Ardiek, begiak estalita, artzaiak walkie-talkie batetik esandako aginduak betetzen saiatu behar zuten. Gure ikasleek 2. saria lortu zuten, Arizmendi ikastolakoekin batera, eta 500 euro eskuratu zituzten. Horretaz gain, bi sudadera jaso zituzten partaideen artean zozketatuko zirenak. Kasu honetan, Aizpea Oria eta Ane Izagirreri egokitu zaizkie, hain zuzen. Esperientzia berria eta, gainera, garaile. Zorionak guztiei!!