EUREKA! ZIENTZIA MUSEOAN ZIENTZIALARIEKIN HARREMANETAN

batx_1z_eurekanBigarren aldia da aste berean batxilergo 1Z-ko ikasleak zientzi mundua esploratzeko irteera egiten dutela. Oraingoan Donostiako Eureka! zientzia museora egin dute bisita arlo ezberdinetako zientzialarien esperientziak entzuteko bai eta makina bat esperimentu probatu eta haiekin liluratzeko.

Astelehen goizean, beraz, hara abiatu ziren ikasle eta irakasleak. Hasteko, areto batean sartu eta hainbat zientifikoren esperientziak entzun zituzten. Hauek bere garaian hautatutako ikasketei buruz hitz egin zuten; haien artean biologoak, fisikoak, biokimikoak… zeuden.

Horrelako aukeraketa baten aurrean kontuan hartu beharrekoa aipatu zieten han bildutako 200 ikasleei. Izan ere, horrelako momentu garrantzitsu baten aurrean dauden ikasle hauek zer ibilbide hartu ez dakitela sentitzen dira eta adituen iritzi eta gomendioak entzutea lagungarri gerta dakieke.

Zientzialariek aipatutako moduan, ez dezatela pentsatu ibilbide bat aukeratzeagatik hautatutako arlo horretan jardungo dutela soilik, normalena (eta aberasgarriena) zientzia-arlo askotako adituekin elkarlanean aritzea baita.

Konferentziaren ostean, museoan eskainitako hamaiketakoa hartu indarberritzeko eta, segituan, zientzia-arlo ezberdinetako stand batzuetan aritu ziren 1Z-koak bertan ikusgai zeuden objektuekin esperimentatzen. Sekulako zortea gure ikasleena Eureka! zientzia museora joan izana. Urtero ikastetxe askoren artean zozketa egin eta gutxi batzuk daukate aukera bertara hurbiltzeko. Espero dugu datorren urtean ere gu han izatea!

Ikus argazkiak, HEMEN