HAUTAPROBAK, ATE-JOKA

Ekainaren 7, 8 eta 9an izango dira unibertsitatera sartzeko hautaprobak eta horiek prestatzen buru-belarri ari dira Ikastolako ikasleak. Batxilergoko 2. mailako 25 ikasle aurkeztuko dira ohiko deialdira eta hiru egunetan zehar euren etorkizunerako hain garrantzitsua den selektibitatea egin beharko dute.

Bidean lagundu eta ikasleak azterketari begira are gehiago prestatze aldera, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra arteko astean azterketak espezifikoki prestatzera bideratuko klaseak izan dituzte Ikastolan.

Asteazkenean, ekainak 7, Euskara, Historia, Kimika eta Matematikako (Giza eta Gizarte Zientzietako ikasleek) azterketak egin beharko dituzte. Ostegunean, Gaztelania eta Literatura, Matematika (Zientziak), Geografia, Biologia, Artearen Historia eta Ekonomia ikasgaien txanda izango da. Amaitzeko, ostiralean Ingelesa, Fisika eta Filosofiako azterketak egin beharko dituzte.

Hiru eguneko maratoia, urte askoko ikasketa prozesua borobildu eta etorkizunerako mugarria jartzeko helburua duena.