IKASTOLA KIVA PROGRAMA ERABILTZEN AITZINDARI

kivaAita Larramendi Ikastola, eskola-jazarpenaren prebentziorako KiVa programa erabiltzen aitzindari.

Andoaingo Aita Larramendi Ikastolak, Euskal Herriko beste 52 Ikastolarekin batera, Finlandian sortu eta arrakasta itzela izaten ari den KiVa programa ezarriko du datozen hilabeteotan bere geletan.

Hezkuntza-komunitatea goitik behera aldatzen ari den metodologia da KiVa. Ikastolen Elkarteko 8 hezitzaile izan ziren urriaren hasieran Turkuko Unibertsitatean, Finlandian. Bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten KiVa programa zer den, metodoa bera garatu zuten profesionalen eskutik.

Andoaingo Aita Larramendiko Orientazio Burua, Ane Jalon, Turkun izan zen eta KiVa programa garatu eta irakatsi ahal izateko ziurtagiria jaso zuen. Aurrerantzean, Ane Jalonen esku geratuko da Gipuzkoako Ikastoletako hezitzaileak trebatzeko ardura. KiVa metodoak, eskola-jazarpenaren prebentzioa du helburu nagusi. Baita ere, Bullying kasurik emanez gero, hainbat baliabide ere eskaintzen ditu kasu hauei konponbidea emanez.

Gaur egun, Finlandiako eskolen %90ak erabiltzen duKiVa metodoa eta %68an murriztu dituzte eskola-jazarpen kasuak. KiVa programak eskaintzen duen berrikuntzetako bat, erasotzailea eta biktima kontuan hartzeaz gain, isilik dauden lekuko eta ingurukoei ematen dien garrantzia da. Izan ere, isilik geratzen diren lekukoek duten garrantzia berebizikoa da eskola-jazarpenarekin bukatu ahal izateko.

Ikastolen Elkartea aitzindaria da KiVa metodoa Euskal Herri mailan ezartzen. Finlandiatik Euskal Herrira ekarritako materiala fisikoa, ikusentzunezkoa eta online bidezko jokoak dira. Material guztia euskaratzen ari diren honetan, eta Gipuzkoako hezitzaileak trebatu ondoren, 2017ko urtarrilean jarriko da bete-betean KiVa proiektua Andoaingo zein Euskal Herriko Ikastoletan.