IKASTOLAK PIZTU DU GABONETAKO ARGIA

Aurten ere, Ikastolako ikasleek herriko kaleak alaitu zituzten abenduaren 24an, urtero bezala gabon giroa zabaltzen lagunduz. Ohitura zaharrak bizirik mantenduz, Juanita Alkaineko eta Lehen Hezkuntzako 3-6 mailako haurrak goiz osoan zehar aritu ziren herriko kale zein plazetan kantuak abesten eta eguneko lehen zatia Juanita Alkain eraikinean amaitu zuten. Bertan, ikasle, irakasle eta familia asko bildu ziren azken abesti batzuk elkarrekin kantatzeko. Ondoren, gaztain-jate goxo batez gozatu zuten, goiza giro bero eta atseginean borobiltzeko.

Arratsaldean, gure pertsonaia maiteenek —Olentzero, Mari Domingi eta astoak— ez zuten hutsik egin eta Kale Nagusian barrena ibili ziren herritarrak agurtzen. Txikienen artean poz handia sortu zuten, musuak eta besarkadak banatzen txupeteak edota marrazkiak jasotzen zituzten bitartean.

Ondoren, buru-belarri jarraitu zuten lanean, herriko txoko guztietara zoriona eta ilusioa helarazteko helburuarekin.

Beste urte batez, tradizioak eta jai giroak bat egin zuten, herria elkartuz eta urte amaierari kolore berezia emanez.

Argazki gehiago ikusteko, egin KLIK HEMEN.