IKASTOLAKO IKASLEAK UDALBATZAN PARTAIDE

Hilabete hasieran, udalbatzan izan genituen ikasleak klima-aldaketaren inguruan eztabaidatzen herriko alkatesa eta zinegotziekin.

2017-2018 ikasturtean klima-aldaketa gaia landu da Eskola Agenda 21aren baitan. Hortaz, Andoaingo ikastola eta ikastetxeetako LH, DBH eta batxilergoko ikasleek, herria klima aldaketaren ikuspuntutik aztertzen egon dira. Gelan gaiaren inguruko hausnarketa eta herriko diagnostikoa egin ondoren, egoera hobetzeko proposamenak egin eta udalak ere hainbat konpromiso hartu ditu.

Horrela bada, ekainaren 1ean ikastolako Agenda 21eko Eko-ordezkariak udalbatzan parte hartu zuten eta udalari irakurri zizkieten ikasturtean zehar jorratutako emaitzak, euren konpromisoak eta udalari eskatzen diotena. Ondorioen artean aipatu zen gazteentzat klima aldaketa arazo larria dela eta kezkatuta daudela, baina oraindik hobetzeko premia dutela onartu zuten. Bestalde, herritar bezala hartuko dituzten konpromisoen artean adierazi zuten prest daudela bainatu ordez dutxa motzak egiteko, argiak eta etxetresna elektrikoak behar dituztenean soilik pizteko eta erosketarako eta hamaiketakorako telazko poltsak erabiltzeko.

Bukatzeko, Andoaingo Udalari eskatu zioten, adibidez, farolak eguzki-plakatxoen bitartez hornitzea, lantegietako CO2 mugak zorroztea, soberako elikagaiak biltzeko puntua sortzea, auto elektrikoa bultzatzea eta ibaiak garbitzea.

Udalak hitza eman du bere esku dagoen guztia egiteko ahalegina egingo duela. Esaterako, prest agertu da herriko busaren erabilera zabaltzeko, oinez eta bizikletaz mugitzeko espazioak berreskuratzeko, hondakinak murrizteko eta birziklatzeko kanpaina gehiago egiten jarraitzeko.