JON MAIAREN HITZALDI HUNKIGARRIA DBH ETA BATXILERGOKO IKASLEENTZAT

Jon Maiak bere bizitzaren bilakaera kontatu zien gure ikasleei, Zumarragako haurtzarotik hasi eta gaur egun arte. Etorkinen seme izanik, berak ere jasan behar izan zuen bi komunitateen arteko harreman liskartsua.

Bertsotan hasi arren, hasiera batean, berarentzat arrotza zen mundu batean sartzen ari zela ohartzen hasi zen. Besteentzat eguneroko hiztegia zena, berarentzat harrigarria zen. Zumaira jo zuenean, berriz, beste mundu batekin aurrez aurre aurkitu zen: ia guztiak euskaraz mintzo ziren bitartean, berak gaztelera zekarren egunerokotasunean. Hor hasi zen ziurrenik bere bilakaera; euskaraz bizitzen hasi zen, bertsotan, baina aldi berean, bere gurasoen jatorriarekiko lotsa sentitzen zuen euskal udalerri horretan.

Bilintx saria eskuratu zuenean Errenterian, bere sendiaz lotsatu egiten zen etorkinak zirelako eta besteak, berriz, zortzi abizenak euskaldunak zituztelako. Handik urte batzuetara, ordea, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean klasifikatu zenean, ohartu zen urteetan bere jatorriari uko eginez bizi izan zela eta bere sendia eskertzeko abagune aproposa izan zitekeela txapelketa hura. Horrenbestez, azkeneko agurrean hainbesteko oihartzuna eduki zuen bertso hunkigarri hura bota zuen, bere “abuelari” eskaini ziona eta belodromo osoa hunkituta utzi zuena.
Hemen bertsoa: https://www.youtube.com/watch?v=Bf_l6KNb1ds

Ikasleek bere testigantza arreta osoz jarraitu zuten; asko txunditurik geratu ziren. Asier Iraolak, bere urtebetetzea zela-eta, Jon Maiaren oparia bertsotan jaso zuen.