DBH1 eta 2ko komunikazio-tailerreko ikasleek maiatzaren 7an Iruñeako Golem aretoetako galara joateko gonbidapena jaso zuten. Izan ere, Alboan elkarteak antolatutako bideo-lehiaketan parte hartu zuten, eta egindako lan horiei esker, galara joateko gonbita jaso zuten.
Film laburrak sortu zituzten taldeka, “harrera” terminoa gaitzat hartuta, eta beren ikuspuntu enpatikoena agerian utziz, etorkinen lekuan jartzen saiatu ziren. Horrela, kanpotik datozen ikasleen aurrean hartzen ditugun jarrera desegokiak gaitzetsi zituzten, eta horiek zuzentzeko alternatibak azaldu. Film guztiak ikusgai daude tailerreko blogean (Larramendi kontakatilu).
Ikastolako ikasleak galako gonbidatu bereziak izan ziren, parte hartzaileen artean gipuzkoar bakarrak baitziren, eta, hori gutxi balitz, beren lanetako bat finalisten artean gelditu zen. Esperientzia berri bat bizitzeko aukera izan zuten, beren burua pantaila handian ikusteko aukera izan baitzuten, eta, gainera, irratirako elkarrizketatuak izan ziren. Amaieran, parte hartzaile guztiei detailetxo bana eman zieten, eta lunch handi batekin eman zioten amaiera ekitaldiari.
Sekulako esperientzia!