MARTXOAK 8 EMAKUME LANGILEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Martxoaren 8a Emakume langileen Nazioarteko eguna da. Urtero bezala, gure ikastolan ere hausnarketa eta aldarrikapenez betetako eguna izan zen. Txikiengandik hasi eta ikasle helduetara, denek lanketa ezberdinak egin ahal izan zituzten.

Haur Hezkuntzan, urtero bezala, parekidetasuna lantzen duten ipuinak irakurri zituzten eta ondoren, hauen inguruan hausnarketa egin zuten. Txikienek beraientzat garrantzitsuak diren emakumeen argazkiak ekarri zituzten, honela, ama, amona, lagun eta lehengusuen argazki eta bizipenekin bete zituzten paretak. Bazkardoko helduenek, berriz, kultura arloan erreferente diren emakumeak ezagutu eta beraien inguruko datu esanguratsuekin muralak sortu zituzten.

Lehen Hezkuntza 3-6ko ikasleen kasuan ere, euskarri ezberdinen harira aldarrikapenaren inguruko gogoetak izan ziren protagonista gela guztietan. Ondoren, arrazoi ezberdinengatik ezagunak, aitzindariak eta protagonistak diren emakumeak ezagutzera emateko bibliografiak osatu eta hauekin ikastolako txoko ezberdinak apaindu ziren.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek berriz Andoaingo kale-izendegia aztertu zuten. Hala, berehala  konturatu ziren Andoaingo herriak momentu honetan 6 kale, etorbide edota gune besterik ez dituela emakumezko izenarekin. Honek hausnarketa egiteko bide eman zien eta aurrera begira zenbait proposamen egin zituzten. Bestalde, aldarrikapenez betetako kartel eta muralak sortu zituzten.

Ikastola osoan, argi geratu zen hau guztia, ez dela egun batean soilik landu beharreko zerbait. Jarrai dezagun bidea “moretzen” martxoaren 8an eta urteko beste 364 egunetan.

  • Argazki gehiago ikusteko, egin KLIK HEMEN.
  • Bideo bat duzue ikusgai: