MEREZITAKO OMENALDIA JASO ZUTEN

Iragan larunbatean, martxoaren 8aren harira, herriko 10 emakume omenduak izan ziren, Andoaingo Goikoplazan antolatutako ekitaldian. Horien artean, gure ikastolarekin harreman zuzena duten lau emakume zeuden: Nora Mendizabal, Miren Erkizia, Marta Diez eta Ainhoa Zabala. Ikastolako batxilergo 1. mailako ikasleek ere hartu zuten parte ekitaldi aldarrikatzaile zein hunkigarri horretan.

Izendatuek makina bat arrazoi dituzte aurtengo lekukotza jasotzeko. Gure ikasle den Nora Mendizabal Andoaingo pilota eskolako neska bakarrenetarikoa da. Kirol honekiko duen zaletasuna agerikoa da eta gogoz ikusten zaio jolasean beti. Miren Erkizia ikastolako langilea izan da, iragan ikasturtean jubilatu zen arte. Herri mailan, presentzia duen emakumea da, iniziatiba duen horietakoa. Marta Diez eta Ainhoa Zabala gurasoak ditugu. Bata borrokalaria, minbiziari aurre egitea egokitu zaiona; bestea ekintzailea, baldintza gogorretan izan bada ere, enpresa txikia sortu eta familia aurrera atera duena.

Horregatik guztiagatik, zorionak omendu guztiei eta… gora borroka feminista!