MOTIBAZIO SAIOAK BATXILERGO 1. MAILAN

euskarazAste honetan, Batxilergo 1. mailako ikasleek motibazio saioak izan dituzte, astelehen, astearte eta ostegun goizean. Bi orduko saio hauek euskararen egungo egoeraz hausnartzeko antolatu dira. Horrela, ikasleek, jokoen eta eztabaiden bitartez, norberak hartzen duen hizkuntza – jarreraren inguruko gogoeta konpartitua egiteko aukera izan dute.

Orokorrean, esperientzia polita izan dela esan dute ikasleek. “Saioek gure herriaren egoeraz kontzienteago izaten lagundu digute”, dio Billabonako ikasle batek. Izan ere, pertsonek hizkuntzarekin lotuta dauden hamaika egoera bizi dituzte egunerokoan eta, kontziente edo inkontzienteki, hizkuntza bat edo beste hautatu egiten da horietarako. Hausnarketa saio hauen helburuetako bat, beraz, ikasleak euskararen hautua gehiagotan egiteko motibatzea izan da.

Hala ere, alde negatiborik aipatu behar bada, Sergiok eta Joseanek, DBHOko bi ikaslek, honakoa adierazi dute: “Jolasak egiteko garaian, gelaren aurreko aldera atera behar izan dugu eta denak zuri begira dauden momentu horretan lotsa pixka bat pasa dugu”.

Dena den, ondorio positiboak atera dira gehienbat saio hauetatik. Orokorrean, laburrak eta denon gustukoak izan direla eta datorren ikasturtean saio hauek egitea ere ongi egongo litzatekeela aipatu dute ikasleek. Ez da ideia txarra, ba!