MUGIKOR ZAHARKITUEN BILKETA

DBH 3. mailako ikasleak munduko gatazkak aztertzen ari dira Gizarte arloan. Horien guztien artean, Kongon gertatzen ari den “Coltan” auzian jarri dituzte begiak, bereziki. Izan ere, Afrika erdialdeko gatazkek, ugariak eta mingarriak izan arren, oihartzun eskasa jasotzen dute ohiko hedabideetan.

Kongon, tresna elektronikoak egiteko erabili ohi den COLTAN izeneko minerala ustiatzen da. Bi motatako coltan-meategiak daude: “gorriak” deritzanak eta “berdeak”. Berdeak gobernuaren esku daude eta bertan lan egiten dutenak modu legalean aritzen dira, baldintzak eskasak diren arren. Gorriak, berriz, inolako kontrolik gabe ustiatzen dira, legez kanpo, eta esku pribatuetan daude. Lan-esplotazioa izugarria, negargarria da: umeak lanean, haurdun dauden emakumeak…

Esplotazio negozio horri aurre egitearren, gobernuz kanpoko zenbait erakundek, kanpaina bat abian jarri zuten: telefono mugikor zaharkituak, jada erabiltzen ez ditugunak biltzea eta birziklatze bidean jartzea, Coltan mineralaren beharra gutxitu dadin.

Ikasleek kanpaina honetan parte hartzea pentsatu dute eta telefono zaharkituak biltzen hasi dira. Horrela, astelehenetik aurrera, Txistokiko erdiko eraikinean mugikor edo tablet zaharkituak biltzeko kaxa bat jarriko dute. Beraz, badakizue, etxean horrelako tresnarik baldin baduzue, ekar ezazue Ikastolara, eta DBH 3. mailako ikasleek jasoko dituzte. Keinu txiki bat arazo handi bati aurre egiteko.