MUGIKOR ZAHARKITUEN BILKETA

DBH 3. mailako ikasleak munduko gatazkak aztertzen ari dira Gizarte arloan. Horien guztien artean, Kongon gertatzen ari den “Coltan” auzian jarri dituzte begiak, bereziki. Izan ere, Afrika erdialdeko gatazkek, ugariak eta mingarriak izan arren, oihartzun eskasa jasotzen dute ohiko hedabideetan.

Kongon, tresna elektronikoak egiteko erabili ohi den COLTAN izeneko minerala ustiatzen da. Bi motatako coltan-meategiak daude: “gorriak” deritzanak eta “berdeak”. Berdeak gobernuaren esku daude eta bertan lan egiten dutenak modu legalean aritzen dira, baldintzak eskasak diren arren. Gorriak, berriz, inolako kontrolik gabe ustiatzen dira, legez kanpo, eta esku pribatuetan daude. Lan-esplotazioa izugarria, negargarria da: umeak lanean, haurdun dauden emakumeak…

Esplotazio negozio horri aurre egitearren, gobernuz kanpoko zenbait erakundek, kanpaina bat abian jarri zuten: telefono mugikor zaharkituak, jada erabiltzen ez ditugunak biltzea eta birziklatze bidean jartzea, Coltan mineralaren beharra gutxitu dadin.

Ikasleek kanpaina honetan parte hartzea pentsatu dute eta telefono zaharkituak biltzen hasi dira. Herrian zehar hainabt iragarki-txartel jarri dituzte jada eta datorren igandean, ekainak 11, Ikasturte Amaiera Jaia egunean, Ikastolan txoko bat antolatuko dute, aipatu telefono zaharkituak biltzeko.

Beraz, badakizue, etxean horrelako tresnarik edo baldin baduzue, ekar ezazue igandean Ikastolara, DBH 3. mailako ikasleek jasoko dituzte. Keinu txiki bat arazo handi bati aurre egiteko.