Datorren irailetik aurrera Parisko Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean arituko da Jurgi Errandonea Oreja (Andoain, 2009) ikastolako ikaslea, balleteko ikasketetan burubelarri murgilduta. Batxilergoko 1. maila gainditu eta Ikastolari agur esan berritan bere ibilbideaz, lorpenez eta etorkizuneko ametsez mintzatu zaigu. Esker hitzak izan ditu bidelagun izan diren eta dituen haientzat. Zumaiara egindako ikasturte amaierako irteeran lagunengandik jasotako omenaldi txikia ere eskerrez eta irriz oroitu du.
- Parisko Dantza Kontserbatorio Nazionalean hartu zaituzte, datorren ikasturterako. Zer esan nahi du horrek 17 urteko gazte batentzat?
Nire bidean, nire amets horretan, beste pauso bat aurrera egitea esan nahi du. Nire ametsa konpainia batean dantzari profesionala izatea da eta horrelako toki batean hartzea, ikasten jarraitzeko beste aurrerapauso bat da.
- Hautaketa prozesua nolakoa izan da?
Amaia Leizak gidatzen duen Hondarribiako Basque Ballerina akademiaren bidez, Parisko Kontserbatoriora gure informazioa, curriculuma, ikasketen espedientea eta bestelakoak bidali genituen eta beraiek aukeraketa bat egin zuten. Batzuk hartu gintuzten, han Parisen audizio presentziala egiteko. Prozesuak bi fase zituen: lehena balleteko klase bat jarraitzea izan zen, dagozkion ariketa guztiekin. Hori gaindituta, bigarren fasean bariazioa deitzen dioguna egin behar genuen, bakoitzak bere akademian prestatua, eta segidan elkarrizketa bat epaimahaiarekin. Horiek gaindituta jakinarazi zidaten hartu nindutela.
- Zein bide egin duzu balletean?
Hasieran Iker Murillo akademian aritu nintzen, Pasaian. DBH4an, ordea, Basque Ballerinan hasi nintzen eta hara joan nintzenetik, bagenuen 2026-27an kanpora joateko helburua markatuta. Beraz, bi urte hauetan teknika asko landu dugu, baina kanpora joateko prozesu hau guztia bereziki aurten landu dugu. Astelehenetik ostiralera, egunero, saioak jaso ditut 16:00etatik 21:00etara, eta larunbat goizero ere bai.
- Zenbat urteko bidea da Kontserbatoriokoa?
Berez, lau urteko karrera bat da: preparatorio deitzen zaiona eta gero 1., 2. eta 3. mailak daude. Baina ni 2. mailan hartu naute, beraz, 2. eta 3. mailak egin behar ditut. Baina ez da bi urtera mugatua. Akaso, 2. eta 3. maila horiek egiten denbora gehiago beharko dut.
- Zein izan da zure ibilbidea dantzaren munduan? 13 urtera arte euskal dantzetan aritu zinen, maila oso onean, txapelketetan sariak irabaziz…
Lau urterekin Oinkarin hasi nintzen, euskal dantzak egiten. Banituen nire helburuak euskal dantzan: miresten nituen Oinkarin zeuden dantzari zaharragoak eta beraiek bezalakoa izan nahi nuen… Sueltoko txapelketetan hasi nintzen eta behin nire dantza bikoteak Victoria Eugeniara gonbidatu ninduen balleteko ikuskizun bat ikustera. Hura ikusita, berak balletean hasteko erabakia hartu zuen. Eta nik, haren ondoan ez nuen atzera geratu nahi eta, berarekin izena ematea erabaki nuen. Banekien ona izango zela euskal dantzetarako, posturak-eta hobetzeko ere… Baina hasitakoan konturatu nintzen gustatzen zitzaidala, eta erabaki nuen euskal dantzak pixkanaka uztea eta balletean zentratzea.
- Hurrengo urtera begira: zein sentsazio dituzu? Nola irudikatzen duzu zure hurrengo urtea?
Pila bat ikasiko dudala irudikatzen dut. Han dauden irakasleak oso onak dira, dantzari profesionalak izandakoak Parisko Operan eta gaur egun ere Parisko Operan irakasle direnak, eta abar. Beraz, haietako batzuk niri goizean klaseakn eman eta gero munduko dantzari onenei klaseak ematera joango dira arratsaldean. Eta irakasleak partekatzea munduko dantzari onenekin eta beraien ezagutza jasotzea… izugarria da. Pentsatzen dut asko ikasiko dudala.
Egunerokoa, berriz, ez dakit nola irudikatzen dudan. Goizean klaseak izango ditudala uste dut, eta arratsaldean ikasketekin jardun beharko dut online…
- Non izango duzu bizilekua?
Adin txikikoentzat erresidentzia bat dago Kontserbatorioan bertan. Hori, guretzat, idealena izango litzateke. Baina plazak mugatuak dira, eta beraiek egiten dute aukeraketa. Bertako ikasle asko dago eta urrutikoek badute lehentasuna, baina aldi berean ikasketak Kontserbatorioan bertan egiteak ere puntuak ematen ditu eta nik online egingo ditut. Beraz, ikusteko dago oraindik non biziko naizen.
- Akademiako beste kide bat ere, Adriana Markiegi, hautatu dute. Bidelagun bat izateak lagunduko dizu…
Bai, hori da. Bidelagun bat edukiko dut. Edozer gauzatan ere lehenengo pausoa emateko lagun bat edukitzea oso garrantzitsua da. Bakarrik ez sentitzeko, babesa izateko.
- Frantsesarekin ere ariko zara, noski…
DBH4an ikastolan frantsesa egin nuen. Hor hasi nintzen zerbait ikasten eta aurten hasi naiz frantseseko klaseekin, ikuspegi zehatzago batekin. B1 maila eskatzen dute eta zaila da urte batean lortzea. Orain ari naiz azterketekin eta lanketan. Ikusiko dugu.
- Datorren ikasturtean Batxilergoko 2. maila egitea dagokizu. Online egingo duzu, eta euskaraz.
Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan, “Bilintx” zentroan egingo dut Batxilergoko 2. maila, online eta euskaraz. Bertan, hainbat arrazoirengatik presentzialki jardun ezin dugun ikasleoi eskaintzen zaigu zerbitzua. Niretzat euskaraz egin ahal izatea zen aukera hoberena. Euskaraz egin ditut ikasketak bizi guztian zehar eta beste hizkuntza batean egin behar izatea niretzat nekezagoa litzateke. Frantsesez bereziki zaila litzateke, eta gazteleraz ere ez daukat ohiturarik… Plataforma baten bidez jardungo dugu eta ondoren azterketa presentzialak egin beharko ditut hiruhileko bakoitzean. Tartean behin etorri beharko dut horretara.
- Eta ondoren? Balletaz gain, bestelako ikasketarik aurreikusten duzu?
Argi dudana da dantzako karrerarekin jarraitu eta konpainia batean sartu nahi dudala. Baina beti esaten da ikasketa batzuk edukitzea komenigarria dela, edozein lesio izanda ere… Baina ez daukat argi zer ikasketa egin. Pentsatzen dut: dantzari karrera bukatzean, 40-45 urterekin, zertan ikusiko nuke nire burua? Galdera zaila da, baina akaso dantzako akademia batean irakasle gisa ikusiko nintzateke. Eta, akaso, horretarako pedagogiaren bueltako ikasketak-edo egin nitzake, baina ez daukat argi.
- Aurreiritzirik sumatu duzu? Nola kudeatu duzu gaia?
Euskal dantzetan oso normalizatua dago neskak eta mutilak elkarrekin aritzea eta hori barneratu dut txikitatik. Neska eta mutilek elkarrekin dantzatzen dute, zaharragoetan ere mutil asko daude… Balletean ere berdina da, ballet guztietan, mutilak eta neskak daude. Beti dago karaktere maskulinoa eta femeninoa. Neskak gehiago daude akaso, baina konpainietan ere denetarik dago.
Bestalde, balletera helduago naizela pasa naiz eta noizbait zerbait esan badidate, helduago sentitu naiz horiek entzuteko. Beti egoten dira komentarioak diferenteekiko: ni dantzagatik, bestea pintatzen duelako… Kanonak jarraitzen ez dituztenei esaten zaizkie gauzak, baina zuk eduki behar duzu argi zer gustatzen zaizun.
- Ingurukoengandik zer jaso duzu bide honetan guztian?
Nik bakarrik egin ezin nuen zerbait lortu dut. Akademiako irakaslearen aldetik laguntza handia behar da, batera eta bestera bideratzeko eta zuri konfiantza trasmititzeko. Gurasoengandik ere, zer esanik ez. Bai edo bai haien babesa behar duzu. Ekonomikoa, batetik, asko bidaiatu behar delako eta beste, eta baita babes emozionala ere.
Lagunengandik jasotzen duzunak ere, ilusio handia egiten dizu. Ni jabetzen naiz badakitela asko gustatzen zaidala dantza, baina aldi berean konturatzen naiz ez dutela guztiz ulertzen ere nik bizi dudana. Baina emaitzak onak direnean pila bat pozten dira, eta lagunak pozten badira, esan nahi du benetako lagunak direla. Baina are gehiago, gelara zabaldu izan denean ere lortu dudana, kide guztiak poztu direla sumatu dut eta hori zoragarria da. Zumaiara joan ginenean ere barkuan egin zidaten hitzalditxoa…
Eta zer esanik ez ikastolan. Ikastolan ere oso gustura eta babestua sentitu naiz. Azken urte hauetan, maila guztietan, maitatua sentitu naiz.

