OROIMENAREN LEKUAK BISITATZEN

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre

Andoaingo historian sakondu dute oraingoan DBH 4. mailako ikasleek. Gizarteko ikasgaian gerra zibila ikasi berri dutela aprobetxatuz, herrian zehar ibilbide gidatu bat egiteko aukera izan dute Oroituz, Andoainen elkarteari esker. Goikoplazan hasita eta biktimen alde Etxeberrietan eraikitako eskulturaraino, historia txiki eta handiak dituzten Andoaingo kale eta lekuak bisitatu eta hauek gerra zibiletik gorderik dituzten istorioak kontatu dizkie Xabier Lasak.

Xabier Lasa Oroituz, Andoainen elkarteko kide da. Frankismoak Andoainen eragindako kalteak ikertzeko eta herritarren artean zabaltzeko sortutako elkarte hau izan da ikastolari gonbidapen hau luzatu diona eta une egokian iritsi ere. Horrela, klasean ikasitakoa beren herrian irudikatuta ikusi dute ikasleek.

Patuak horrela nahi izan zuelako, ibilbide hau egiten ari zirela gizon batekin egin zuten topo. Aurretik, klaseren batean, irakasleak gerra zibilaren ondorioz erbesteratuak izan ziren umeen dokumentala erakutsi zien. Gizon hura, Andoaindik paseatzen zebilena, dokumental horretan agertzen ziren umeetako bat zen. Bere testigantza entzutea eta garai hartan bizitutakoaren berri zuzenean izatea hunkigarria izan zen ikasleentzat.

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre