PERTSONAIA EZAGUN UGARI

Pertsonaia ezagun ugari izan ditugu azkeneko hilabete honetan ikastolan. Urtero lez, hauek bisitan etortzen zaizkigu gure ikasleekin hitz egitera. Oso saio interesgarriak izan ohi dira, baita motibazio handikoak ere. Ikasleak adi egoten dira pertsonaiak zer kontatuko dien zain eta hauek ere interesa pizten dien zerbaiten inguruan galderak egiteko aukera izaten dute hitzaldiaren bukaeran. Ogibide oso ezberdinak dituzten pertsonaiak pasa dira ikastolatik. Aurten, youtuber bat, dantzari bat eta kamerari bat izan ditugu gurekin.

DBH 1. eta 2. mailakoei Aiora Mujikak egin zien bisita, youtubergintzan aditua. Sare sozial honetan ireki zuen kanal bat euskarazko edukia faltan ematen zuelako. Gaur egun, denetariko gaiak lantzen ditu bertan.

DBH 3. eta 4. mailakoekin hitz egitera, aldiz, Unai Ugartemendia kameraria izan zen. Gailur xtreme programan ibilitakoa da eta ikasleek bere ibilbide profesionala ezagutzeko aukera izan zuten berarekin pasatako ordu horretan.

Azkenik, batxilergoko ikasleekin hitz egitera Aiert Beobide etorri zen, ikastolako ikasle ohia, gainera. Gaur egun, dantzari profesionala da eta euskal dantza, dantza klasikoa eta garaikidea landu ditu oso gaztetatik abiatutako ibilbide luzean zehar. Ikasleei pasioari buruz mintzatu zitzaien eta gustuko duzun horregatik borrokatzea eta lan egitea zer garrantzitsua den azpimarratu zien.