ONGI ETORRI ESKOLARA

ONGI ETORRI ESKOLARA

ONGI ETORRI ESKOLARA
ANDOAINGO KULTURARTEKO TALDE ERAGILEA

Proiektuaren helburua kultura aniztasuna lantzea da, kulturarteko ikuspegitik eta ikastolako irakasleen, familien eta ikasleen parte hartzearen bidez. Gure ikastolarekin batera, Gipuzkoako Haur eta Lehen Hezkuntzako beste 16 ikastetxeetan aurrera eramaten da.Proiektuak lan ildo desberdinak ditu, hala nola, ikerketa, sentsibilizazioa, formakuntza eta esku-hartzea ikasgelan eta familiekin.

FAMILIA LAGUNA PROGRAMA

Familiak protagonista dituen esku-hartze programa bat da, eta beste herrialde batzuetatik etorri berri diren familien harrera, kulturarteko harremanak eta euskarara hurbiltzea ditu helburu. Horretarako, beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme-alabak dituzten tokiko familiekin harremanetan jarri eta elkartzen ditu. 2022-23 ikasturtean, Andoaingo 38 familiek parte hartu zuten denera.

Talde hau Andoaingo lau eskoletako zuzendaritzek, gurasoek, hainbat elkarte eta erakundeek, udal ordezkariak eta proiektuko kulturarteko bitartekariak osatzen dute. Hilabetean behin biltzen da, Andoainen kulturartekotasuna lantzeko aurrera eramango diren ekintza desberdinak koordinatzeko eta kultura aniztasunaren inguruan hausnartzeko.

PARTE HARTU!

Ongi Etorri Eskolara proiektuaren balioetako bat eskolako familien inplikazioa da, kulturarteko harreman horiek ahalbidetzeko, arrazismoaren aurkako pedagogia lantzeko eta euskara eskola-komunitateko familia guztietara hurbiltzeko lanean jarraitzeko. Horretarako, hainbat modutan parte har dezakezue proiektuan:

  • Familia Laguna gisa: Har ezazu parte boluntario euskaldun edo tokiko gisa, beste herrialde batzuetatik eskolara iritsi berri diren eta haurrak zure seme-alaben ikasgela berean dituzten familiei akonpainatzeko. Egokitze-prozesuan akonpainatu eta elkar ezagutza ahalbidetzeko. Parte hartu edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete galdetegi HAU eta zuekin harremanetan jarriko gara.
  • Ekintza puntualetan parte hartuz: Su-artean Gure-artean ekimenean, kulturarteko liburuaren egunean, martxoak 21arekin loturik egiten diren ekintza desberdinetan, etab.

FAMILIENTZAKO BALIABIDEEN GIDAK

Jarraian duzuen estekan, Elkarrekin Kooperatibatik egindako “Familientzako baliabideen gidak” topa ditzakezue. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, arabieraz, ukranieraz eta rumanieraz itzulita. Erabili eta partekatu: https://www.ongietorrieskolara.org/baliabide-gidak/

Sare hauetan jarraitu dezakezue proiektua:

  • Instagram: oeskolara
  • Facebook: Ongietorri Eskolara
  • Twitter: OEskolara

ELEANITZ

ELEANITZ

INGELESA 4 URTETIK AURRERA

Eleanitz proiektua 1991n abiatu zen. Euskal hiztun eleanitzak hezteko, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa ikasteko prozesuak marko metodologiko eta curriculum komun baten baitan biltzen ditu.

Eleanitz-English eta Eleanitz-Français proiektu zabal horren adarrak dira eta Europa mailan saritutako materiala eskaintzen dute.

MATERIALAK ETA EZAUGARRIAK

Mailaz maila garapen ezberdina hartzen du Eleanitz proiektuak. Hona hemen ardatz nagusiak:

MATERIALA
EZAUGARRIAK
HAUR HEZKUNTZA
4 urte
5 urte
Ready for a story!
Ipuinak ardatz hartuta, antzerki bidez ahozko adierazpenen egitura eta hiztegi mota ezberdina ikasten dute.
LEHEN HEZKUNTZA
1, 2
Hocus and Lotus
Antzerkia, ipuinetan ikasitako egiturak beste kontestuetan erabili, hizkuntza idatziari sarrera.
3, 4
Story Projects
Antzerkia eta istorio liburuxken alfabetatzea. Hizkuntza orokortu, gaiarekin lotutako lanak.
5, 6
The Explorers
Proiektu bidezko lanketa. Autonomia, bakoitzaren hizkuntza erregistroa erabili.
DERRIGORREZKO BIKARREN HEZKUNTZA
1, 2
Subject Projects
Proiektuaren lana: materiala ikasgaietan zentratua. Sistematizazioa, zehaztasuna.
3, 4
Subject in English
Ikasgai batzuk ingelesez landuko dira. Ingelesaren erabilera ikastola barruan eta bertatik kanpo.

ENJOY ENGLISH

Uztailean, Aita Larramendi Ikastolak Ikastolen Elkartearen eskutik antolatzen duen ekintza nagusiak ingelesezko izena du: Enjoy English. “Ingelesarekin goza ezazu”.

Helburua: ikasleak ikasturtean ikasitakoa udan sendotzea Britainia Handiko begiraleekin. Bitartekoak: Britainia Handiko begiraleak eta era dibertigarrian (eskulan, jolas, kanta, antzerki, kirol, ipuinak) ingelesez gozatzeko gogoa.

Nolabait, Ikastolan bertan martxan dagoen Eleanitz Proiektuaren jarraipen gisara planteatua dago udako hilabete hau. Enjoy English-en abantaila nagusia horixe da, jolas eginez ere, ingelesa erabiltzen dutela ikasleek.

Ikastaro honi amaiera emateko jaialdi bat antolatzen dugu, eta hainbat antzerki eta kanta eskaini. The final show izaten da gurasoei eskaintzen zaien jaialdiaren izena. Bertan, ikasle bakoitzari ikastaroan parte hartu duen agiria ematen zaio, eta begiraleari ere diploma ematen zaio.

FRANTSESA

Ikastolan Eleanitz frantsesa ere eskaintzen da, DBHko lau mailetan. ELIM moduko proiektuen bidez, ikasarloekin lotura eginez eta ikasleei erronka kognitiboak proposatuz lantzen da.

Ipar Euskal Herriarekiko komunikazio hizkuntza bezala euskara bultzatu behar bada ere, hango gizartearen zati batekin ere zein Frantziarekin loturak frantsesez egitea ezinbestekoa dela iritzita eskaintzen da frantsesa Ikastolan. Frantziar kulturaren oinarrizko ezagupena ere bada helburua.

Bi ardatz nagusi zaintzen dira ikasgaian:

  • Elementu kulturala: frantses kulturarekin loturiko gaiak dira proiektuen muina.
  • Elementu komunikatibo-funtzionala. Frantziarekiko komunikazioan sor daitezkeen harreman arruntetarako baliabideak eskaintzen dira.

ESKOLA AGENDA 2030

 

ESKOLA AGENDA 2030

Eskolako Agenda 2030 Ikastolaren eta bere ingurunearen ingurumena eta alderdi soziala hobetzeko ekintza plana da.

Eskola jasangarriaren ziurtagiria du Ikastolak, gure ikasleek jasotzen duten ingurumen hezkuntza baliagarria dela adierazten duena.

Ikasleak ingurumen arazoekin sentsibilizatzea eta kontzientziatzea du xede. Ikasturte bakoitzean, ingurumenaren inguruko gai edo arazo bat aukeratzen da, eta horren inguruan lantzen da programa. Gaia aztertu eta Ikastolaren eta Ikastolako ingurune hurbilenaren egoeraren diagnostikoa egiten da. Azkenik, Ikastolak hobetu beharreko ekintzak definitu eta abian jartzeko.

ZEINTZUK DIRA ESKOLA AGENDA 2030aren HELBURUAK?

  • Berrikuntza eta hezkuntza-kalitatea lortu; gure ikasleengan arazoak konpontzeko gaitasunak garatu eta ikasleak herritar partehartzaileak izaten ohitu.
  • Eskolan, etxean eta herrian dauden gizarte eta ingurumen arazoak gure ikasleek ezagutu ditzatela.
  • Arazo hauen hobekuntzarako proposamenak eta alternatibak adostu eta martxan jarri.
  • Ikastetxea eta familia ingurumen-eta gizartearen aldeko praktika baten eredua bilakatu.

FAMILIAK: ZER EGIN DEZAKEZUE ETXEAN?

  • Eskolako Agenda 2030ean lantzen ari diren gaiak familian landu. Familiaren eragina eskolarena baino handiagoa da ikasleen lorpenetan: bikoitza adituen esanetan.
  • Zuen zeme-alaben eguneroko bizitzan jarrera ekologiko bat indartuz; aurreko urtetan landutako gaiak (hondakinen kudeaketa, Klima aldaketa, paisaia,…) ere kontutan izanez eta haiei dagokien jarrerak betetzen jarraitu.
  • Zuen kolaborazioa izaten jarraitzea espero dugu.

ESKOLA JASANGARRIAREN ZIURTAGIRIA

 

 

 

 

“Eskola Jasangarria” ziurtagiriak Eskolako Agenda 2030 programan nabarmendutako esperientziak goraipatzen ditu. Ikastolaren lana, prozedurak, esperientziak eta, azken finean, Ikastolaren hezkuntza, partaidetza eta jasangarritasun kalitatea errekonozituz.
IRAES 21 Euskal Erkidego Autonomoko ikastetxe jasangarrien sarea da, hau da, Eskola Jasangarria agiria lortu duten ikastetxeen sarea eta, jasangarritasunerako hezkuntza bultzatzen dutenena. Blog bat dugu eta bertara aportazioak egiten dira urtean zehar.

2024-26 IKASTURTEA: HIRI ETA KOMUNITATE JASANGARRIAK

Urteroko moduan, Eskolako Agenda 2030 programari eutsi diogu. Hurrengo bi ikasturteetan Garapen Jasangarrirako 11. Helburua landuko dugu: HIRI ETA KOMUNITATE JASANGARRIAK eta bere baitan IRISGARRITASUNA ETA BIZIKIDETZA izango dugu hizpide.

Bi ikasturteetan garatuko den proiektua izango da. Hori horrela, lehen ikasturtean Motibazioaren eta Diagnostikoaren faseak burutuko ditugu Ekintza Planaren Diseinua egiteko.

Eskola komunitateak irisgarritasuna eta bizikidetza gaiaren inguruan dugun erantzukizun pertsonala, egin ditzakegun hobekuntzak maila pertsonalean eta komunitate mailan… izango ditu aztergai.

Ikasturtean zehar, zuen seme-alabekin batera, hausnartzeko aukera paregabea dugu. Burutuko diren ekintzen berri izango duzue eta zuen proposamenak ongietorriak izango dira. Animatzen zaituztegu zuek ere, zuen seme alabekin batera, herri jasangarri baten alde borrokan bat egitera. BIZITZA HORRETAN DOAKIGU!

Jarraian, datorren bi ikasturteetako Ekoordezkariak:

Lehen Hezkuntza:

  • Kattalin San Sebastian
  • Joar Iriondo
  • June Uranga
  • Hugo Correia
  • Lander Rosco
  • Elene Roca
  • Ihintza Oyarzabal
  • Alain Enriquez
  • Ander Otaegi
  • Aratz Astigarraga
  • Iñaki Michelena
  • Ekhi Ugalde

DBH:

  • Asier Bienzobas
  • Adei Mendizabal
  • Jon Aranburu
  • Alaia Cincunegui
  • Danel Audicana
  • Oihan Telletxea
  • Irati Landa
  • Hanna Flores
  • Iker Horta
  • AIheko Imaz
  • Araitz Gil

EUSKARAZ BIZI

EUSKARAZ BIZI

Euskara Ikastolen muina da.

Gure ikasleak etorkizuneko euskaldun eleanitzak dira eta hainbat hizkuntza ikasten jarraitzeari utzi gabe, euskaraganako atxikimendua izan dezaten nahi dugu.

ARGITXO, gure ikasleak Ikastolara sartzen diren momentutik ezagutzen duten iratxoa da. Ikastolen Elkarteak sortutako pertsonaia, ikasleekin batera hazten doa eta benetan maitatua da euren artean.

Argitxoren presentziaz gain, Euskaraz Bizik hainbat kanpaina bultzatzen ditu ikasturtean zehar.

Horietako bat, ikasgelen arteko kidetzea da: adin desberdineko ikasleek batera egiten dituzte hainbat ekintza, euskara ardatz hartuta.

Gure ikasleek euskara menperatzen dute. Honen adibide garbia dira Martin Ugalde ipuin lehiaketa eta Erreportari Gaztea sariak: gure ikasleak izaten dira sari hauetan irabazle.

Euskaraz Bizik Ikastola osatzen dugun komunitatea hartzen du kontuan eta euskara gure eguneroko jardunean erabili ahal izateko aukera eta eskubidea zabaltzen ditu.


Argitxoren egutegiarekin jolasean

Ikasturte hasiera guztietan gure geletara eta baita gure Ikastolako gaztetxoenen etxeetara “Argitxoren egutegia” iristen da. Egutegi arrunten moduan honek ere badu bere zer egina; zein egunetan bizi garen adierazi, baina horretaz gain baditu beste erabilpen batzuk ere eta horietako bat “gure hizkuntzaz gozatzea” da.

Hilabeteko egutegiak jolas berri bat erakusten digu. Ikasleek Ikastolan ikasten dute hori irakaslearekin batera, baina esan dugunez askok etxean ere egutegia dutenez, aitatxo, amatxo, aitona, amona edo beste senideekin praktikan jartzeko aukera ere badute. Jolas bakoitzak badu bere abestia eta, honen bidez, abesti hauek irakasle eta gurasoen eskura jartzea pentsatu dugu, zuek ere Argitxo, ikasle eta seme-alabekin jolasean has zaitezen.

MARITXIPI

Hona hemen AUDIOA:


AZALPENA:
Jolaskide guztiak biribilean jarriko dira, barrura begira, eta beste jolaskide bat erdian biribilketan hasiko da. Besteak txaloka eta abesten ariko dira. Abestian “dantzatzen” esaterakoan, erdikoa jolaskideren baten aurrean jarriko da eta mugimendu batzuk egingo ditu, biribileko horrek imita ditzan. Abestia bukatzean, erdiko jolaskideak bere aurrean dagoenari besotik helduko dio, eta biribilaren erdian dantzatzen hasiko dira, abestia hasieratik abestuz.

LETRA

Kalean nindoala
Maritxipi ikusi nuen
eta erakutsi zidan
Maritxipi dantzatzen
Dantza txipi txipi
dantza txipi txo
dantza txipi txipi
baina dantzatu ondo

-----------------------------------------------------------------

ATSO ITSUA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Itsuak besoak aurrealdera luzatuko ditu eta gainontzeko jolaskideek hatz banatatik helduko diote. Jolaskide guztiek itsuari bi aldiz abestuko diote: ATSO ITSUAREN ETXEAN, ATSO ITXUAREN ETXEAN… Itsuak erantzungo die: UNTXI AHOTSA ENTZUN ZEN. Itsuak azkenengo hitza aipatzerakoan (ZEN hitza), partaide guztiek hatzak askatuko dizkiote eta korrika alde egingo dute. Itsuak hitz hauek oihakutuko ditu ahalik eta azkarren: BAT, BI, HIRU, LAU, GELDI! GELDI gitza esatean, korrika ari direnek dauden tokian gelditu behar dute. Itsuak jolaskide jakin baten ahotsa entzun nahi duela esango du. Itsua jolaskide horren ahotsa entzun duen tokirantz joango da, eta jolaskide hori harrapatzen saiatuko da.

LETRA

ATSO ITSUAREN ETXEAN
ATSO ITSUAREN ETXEAN
UNTXI AHOTSA ENTZUN ZEN

-----------------------------------------------------------------

PLANETAK

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Goman sartu eskuineko hanka, gero ezkerrekoa, eta gomaren beste alderantz pasatu, pauso berak eginez. Ondoren, eskuineko hankarekin goma azpitik heldu, hurrengo gomaren gainetik pasatu, eta ezkerreko hanka bertan sartu. Gero eskuineko hanka atera, ezkerrekoa ateratzeko. Mugimendu hori errepikatu egiten da.

LETRA

ZENBAT DIREN PLANETAK
EZETZ JAKIN ORAIN BERTAN
BEDERATZI BIRIBIL
GALDU BARIK HOR DABILTZ

MERKURIO, ARTIZARRA
LURRA, MARTE, JUPITER
SATURNO, URANO, NEPTUNO
PLUTON URRUN ETA AZKEN

-----------------------------------------------------------------

KANTAURIKO ITSASOAN

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Jokalariak sokaren erdialdera sartu eta abestia bukatu arte saltoka irauten saiatu behar du. Abestiaren arabera, sokari eragiteko modua aldatuko da, ordea. Hasieran azpitik eragin behar zaio sokari, eta abestiaren erdialdera goraka. “Hemendik hara” esaten denean, sokari eragiten diotenak alde batera eta bestera mugituko dira, eta erdian saltoka ari denak haiekin batera mugituko beharko du.

LETRA

KANTAURIKO ITSASOAN
OLATUAK GORAKA
ITSASONTZI BAT IRTEN DA
UR HANDIEN ARTEAN
HEMENDIK HARA
HANDIK HONA
HEMENDIK HARA
HANDIK HONA

-----------------------------------------------------------------

URTARRILEAN JAIO DENA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Abesti honetan hilabete guztiak aipatzen dira binaka-binaka. Jaio garen hilabetetik aurrera dantzatzea egokitu zaigu. Abestiak esaten dizkigunak bete beharko ditugu.

LETRA

URTARRILEAN JAIO DENA ZUTITU DADILA
OTSAILEAN JAIO DENA ZUTITU DADILA
SALTO SALTOKA
LAGUNAK AGURTUZ
AGUR, AGUR, AGUR, ITXARON
GELDI GELDI EGON

-----------------------------------------------------------------

BOTXO

AZALPENA
Lurrean zulo bat (botxoa) egingo da. Jolasaren helburua botxoan ahalik eta fruitu gehien sartzea da. Lehen jokalariak beste jokalarien fruitu bana hartuko du, eta fruituak banan-banan marra batetik jaurtiz, botxoan sartzen saiatuko da. Sartzen dituen fruitu guztiak beretzat izango dira. Hurrengo jokalariak botxotik kanpo geratu diren fruituak hartuko ditu eta horiek botxoan sartzen saiatuko da, marra batetik jaurtiz. Horrela jarraituko dute jokalari guztiek, txandaka, fruitu guztiak botxoan sartu arte.

Joko honek ez du abestirik.

-----------------------------------------------------------------

KAFE FRANTSES

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Jokalari guztiak ilaran jarriko dira eta biribila osatuko dute. Abestia abesten duten bitartean mugimendu batzuk egin beharko dituzte, kantua aurrera doan neurrian, geroa eta mugimendu zailagoak egin beharko dituzte.

LETRA

KAFE FRANTSES BATE(A)N
MINUE DANTZATZEN
KAFE FRANTSES BATE(A)N
MINUE DANTZATZEN
MINUE, MINUE
MINUE DANTZATZEN
KAFE FRANTSES BATE(A)N
MINUE DANTZATZEN

-----------------------------------------------------------------

ARDOA, OGIA ETA GAZTA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Jolaskide bat sokara sartuko da, eta leloaren hitz bakoitzeko salto bat egin beharko du. “Gatza” hitza esatean, sokari bizkorrago eragingo zaio, eta jokalariak egiten duen salto bakoitzarekin batera “gatza” hitza errepikatuko dugu, jokalariak huts egin arte.

LETRA

ARDOA,
OGIA
ETA GATZA,
GATZA, GATZA, GATZA…

-----------------------------------------------------------------

AURPEGI ETXEA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Abesti hau abesten dugun bitartean abestian azaltzen diren atalak ukituz joan beharko dugu eta esaten diguna antzeztuz. Bukaeran, sudurra txirrina joko bagenu bezala ukituko dugu…

LETRA

GORPUTZEAN GORA GOAZ
POLIKI-POLIKI
BEGIRA HOR AURPEGIAN
DAGOEN ETXEA
GORAN DAGO TEILATUA
BEHERAGO LEIHOAK
ATEA IREKITZEKO ERABILI TXIRRINA
TXIRRIN-TXIRRIN, TXIRRIN-TXIRRIN

-----------------------------------------------------------------

TXINTXINA MINTXINA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Taldea biribilean jarriko da, kide bat erdian dela. Abestia esaten duten bitartean, erdikoak kideak hatzarekin seinalatutako azken kidea izango da hurrengo jolasean beteko duena.

LETRA

TXINTXINA MINTXINA SUTARA
BARBARA TXIKITENA
GAZTAINA GORA, GAZTAINA BEHERA
TXUKUTU TXAKUTU KANPORA

-----------------------------------------------------------------

ANBOATO

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Taldekideek bi lerro osatuko dituzte, eta lerroak aurrez aurre jarriko dira, erdian tarte bat utzita. Lerro batean hiru jolaskide egongo dira, eta bestean gainontzeko guztiak. Lerro luzeko jolaskide bakoitzak aurrez erabakitako multzo baten barruko izen bat aukeratuko du eta beste lerroko hiru jolaskideek izen hori zein den asmatzen saiatu behar dute. Hori dena abestuz egingo dute; aukeratutako izena asmatuz gero, izen hori zegokion jolaskideak haien lerrora aldatu beharko du…

LETRA

ANBO ATO
MATARILE RILE RILE
ANBO ATO
MATARILE RILE RO

ZER NAHI DUZU
MATARILE RILE RILE
ZER NAHI DUZU
MATARILE RILE RO

(…) BAT NAHI DUT
MATARILE RILE RILE
(…) BAT NAHI DUT
MATARILE RILE RO

Bai:
HEMEN DAUKAZU
MATARILE RILE RILE
HEMEN DAUKAZU
MATARILE RILE RO

Ez:
EZ DAUKAGU
MATARILE RILE RILE
EZ DAUKAGU
MATARILE RILE RO

-----------------------------------------------------------------

ETXETXOA

Hona hemen AUDIOA:

AZALPENA
Imitaziozko jolas honetan, jokalari batek abestiaren esaldiak esan behar ditu, eta gainerako jolaskideek errepikatu, bai hark abestutakoa bai egindako keinuak. Abestia gidatuko duen jolaskide aldatuz joango da, txandaka, eta aldiko abesteko modu bat erabiliko dute gidariek. Lagun guztiak gidari izan direnean bukatuko da jolasa.

LETRA

NIK ETXETXO BAT DAUKAT
EDERRA EDERRA
ATEA JOTZEN DUT
HORRELA ETA HORRELA

LEIHOAK IREKITZEN
HORRELA ETA HORRELA
ETA TXIMINIATIK
KEA GORA GORA DOA

EMANTIK

EMANTIK

ZER DA EMANTIK?

Emantik programa, kudeaketa emozionala ikasten laguntzea eta edozein haurrengan gerta daitezkeen sufrimendu-kasuak goiz antzematea da helburu nagusia. Sistemak beldurrak, tristura amorrua, etab. sor diezaieketen egoerak identifikatuko ditu. Irakasleek ahalik eta lasterren arreta eman diezaieten. Programaren garapenean zehar, haurren babesean adituak diren bi psikologok ikastolako irakasle taldeei aholkuak emango dizkiete.

EMANTIK deitzen den aplikazio multimedia ordenagailu edo tabletean gauzatzen da, eta bertan oinarrizko sei emozio agertzen dira, modu praktikoan agertu ere, ikasleek era erraz batean identifikatu ahal izateko. Hauek dira 6 emozioak

LASAITASUNA
POZA
AMORRUA
BELDURRA
NAZKA
TRISTURA

Aplikazioak ikaslearen autopertzepzioa jasoko du. Egunean bi momentu hartuko dira, ikasle bakoitzak klika dezan nola sentitzen den. Horrela jasoko diren datu guzti horiek gurutzatu egiten dira, eta ondorioak aterako dira.

EMANTIK PROGRAMAREN aurkezpenaren xehetasun gehiago nahi badituzu, egin, KLIK HEMEN.

IKT PROIEKTUA

IKT PROIEKTUA

Informazio eta Komunikazio Teknologien alorrean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak definituta duen Heldutasun Teknologiko Ereduaren maila aurreratuan lan egiten dugu, etengabeko berrikuntzan.

Komunikazio digitala bermatzen dugu:

  • Familiek beren posta elektroniko propioa dute, tutorearekin eta Ikastolarekin kontaktu zuzenena bermatuz.
  • Informazioa eta zirkularrak ordenagailuan, tabletean zein sakelako telefonoan jasotzeko aukera eskaintzen dugu.
  • LH 3. mailatik aurrerako ikasle guztiek posta elektroniko propioa dute lanerako.

Heziketa digitala:

  • Sare Sozialen eta IKTen zentzuzko erabilera bultzatzen da ikasleen artean, lanketa bereziak eginez.
  • Familiei bereziki zuzendutako ikastaroak antolatzen dira Sare Sozialen erabileraren inguruan.

IKTen erabilera jarduera pedagogikoetan txertatuta dago.

 

Azken belaunaldiko azpiegitura digitala dugu:

  • Bi eraikinak fibra optiko bidez konektatuta daude, internet sarea Ikastola osoan bermatuz.
  • Alexia aplikazioaren bidez, Ikastola osoaren kudeaketa bateratzen dugu.

Ikasleekin jarduera pedagogikoak aurrera eramateko hainbat baliabide erabiltzen ditugu, ikusgai horietako batzuk:

         

         

         

         

kIVA IKASTOLA GARA

kIVA IKASTOLA GARA

Aita Larramendi Ikastola aitzindiaria da KiVa programa garatzen.

Gure Ikastolako helburu nagusi dira ikasle guztien garapen pertsonal egokia eta euren ongizatea. Gaur egun, eskola-jazarpenak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriei aurrea hartzea erabaki genuen urteetako lan emankorrari KiVa programa arrakastatsua gehituz.

KiVa, eskola-jazarpenari (bullying-ari) aurre egiteko programa finlandiar bat da, Turkuko Nazioarteko Unibertsitateak sortu zuena. Finlandian, Lehen Hezkuntza eskaintzen duten eskolen %90ean erabiltzen da eta programan murgildu direnetik, %70ean murriztu dira eskola-jazarpen kasuak.

Gainerako ikastetxeetan ematen ez den bezala, KiVak ikasle-talde osoan du eragina:

                 

  • Lanketa egiteko garain, KiVak azken belaunaldiko material fisikoa, ikus-entzunezkoa eta on-line bidezko jokoak eskaintzen ditu.
  • Gure ikasgeletan modu sistematikoan prebentzioa lantzeaz gain, KiVak benetako bullying kasu baten aurrean lan egiteko eta honi aurre egiteko baliabideak eskaintzen dizkio Ikastolari.

KiVa WEBUNEA - http://www.kivaprogram.net/basque

ELKARTRUKEA

ELKARTRUKEA

ELKARTRUKEAK, BATXILERGO 1.go MAILAN

Duela hainbat urtetik hona, elkartruke harreman sendoa dugu Alemaniako hainbat ikastetxerekin. Hala, azken urteotan Werther herriko EGW (Evangelische Gymnasium Werther) ikastetxearekin egin izan da elkartruke hori. Astebeteko egonaldia izan ohi da, eta ikasleen familien etxeetan hartzen dute ostatu bisitariek. Elkartruke honen bidez, honako xedeak lortu nahi dira:

  • Ikasleei ikasten ari diren atzerriko hizkuntza benetako komunikazio egoera batean erabiltzeko aukera ematea.
  • Euskara, euskal kultura eta ondarearen ezaugarriak Europako beste herrialde batean ezagutaraztea.
  • Europako beste errealitate bat eta beste hezkuntza sistema bat ezagutzea: hango klaseetara joaten dira ikasleak.
  • Ikasketa kooperatiboa zein partehartzailea sustatzea.
  • Beste kultura bateko gazteekin elkarbizitzea.
  • Teknologia berrien erabileran trebatzea.

Duela hainbat urtetik hona, elkartruke harreman sendoa dugu Alemaniako hainbat ikastetxerekin. Hala, azken urteotan Werther herriko EGW (Evangelische Gymnasium Werther) ikastetxearekin egin izan da elkartruke hori. Astebeteko egonaldia izan ohi da, eta ikasleen familien etxeetan hartzen dute ostatu bisitariek. Elkartruke honen bidez, honako xedeak lortu nahi dira:

  • Ikasleei ikasten ari diren atzerriko hizkuntza benetako komunikazio egoera batean erabiltzeko aukera ematea.
  • Euskara, euskal kultura eta ondarearen ezaugarriak Europako beste herrialde batean ezagutaraztea.
  • Europako beste errealitate bat eta beste hezkuntza sistema bat ezagutzea: hango klaseetara joaten dira ikasleak.
  • Ikasketa kooperatiboa zein partehartzailea sustatzea.
  • Beste kultura bateko gazteekin elkarbizitzea.
  • Teknologia berrien erabileran trebatzea.