WERTHER-EKO IKASLE ALEMANIARRAK BISITAN

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre

Gurekin izan ditugu batxilergo 1. mailako ikasleekin elkartrukean parte hartu duten ikasle alemaniarrak. Iragan ostiralean iritsi ziren eta ia astebete Andoainen igaro ondoren, atzo ostegunarekin abiatu ziren Alemaniarantz. Jarduera ugari izan dituzte astean zehar eta oso integraturik ikusi ditugu gure ikasleekin, gustura egon diren seinale.

Etorritakoan, ikasle alemaniar bakoitza gure ikasleetako baten etxean finkatu eta asteburua familiarekin igaro zuten. Astelehenean, ikastola guztiaren harrera jaso zuten frontoian eta segituan Donostiara abiatu ziren egun pasa. Bertan, Igeldo, haizearen orrazea eta Aquarium-a bisitatu zuten, besteak beste.

Asteartean, aldiz, ekitaldi paregabea ikusteko aukera izan zuten: Korrika. Goizaldean, Andoaindik pasatzen zela aprobetxatuz, gure ikasleak eta ikasle alemaniarrak gerturatu ziren eta azken hauetako batzuk ere korrika egitera animatu ziren. Ondoren, Getaria eta Zumaiako flyscha ikustera joan ziren. Asteazkenean, Bilbo ezagutu zuten.

Tokiko ohiturak ezagutzeko aukera ere izan dute; izan ere, ostegunean, maleta prest utzi ondoren, ikastolan euskal dantza bat ikasi eta Bakardon gure txikitxoei dantzatu zieten. Eta hau dantza txukuna! Albiste honekin batera dago bideoa ikusgai, egun batzuk entseatzen egon zirela pentsa genezaken arren, ordu batean praktikatutako dantza da. Bazkardon ere ikasle gazteenek zenbait abesti eta dantza eskaini zizkieten alemaniarrei. Bukaeran, ikasle alemaniar bat eta LH 2. mailako ikasle bat osatutako bikoteetan “aulki musikalen” jokoan jolastu ziren. Aulkirik ezean, uztaiak erabili zituzten. Izugarrizko ikuskizuna izan zen txikientzat horrelako neska eta mutil puskak ikustea!

Esperientzia polita eta aste bikaina. Hurrengora arte! Bis bald!

Argazkiak ikusteko, KLIK HEMEN

Like
Atsegin dut Maite dut Jaja Ooo Triste Haserre