XABIER EGUNA, LEHEN HEZKUNTZAKO 3-4-5-6. MAILAN

Iragan astelehena, abenduaren 5a, gure egun handia ospatu genuen Ikastolan, Xabier Eguna. Lehen Hezkuntzako 3-4-5-6. mailetan, usadioari jarraituz, kolore-olinpiadak eta Basteroko ikuskizuna antolatu genituen.

Goizez, LH 3. eta 4. mailakoek ikuskizun zoragarria eskaini zuten Basteron. Han bildutako guztiok harrituta ikusi genituen ikasleek prestaturiko koreografiak, antzerkiak, zirko-ikuskizuna, dantzak, abestiak… Oso-oso ikuskizun erakargarria izan zen.
Bitartean, LHko 5. eta 6. mailakoak koloren olinpiadari ekin zioten, lokotxak, zaku lasterketa, mozorro-zirkuitua, saskiratzeak, erreleboak eta abarrekin. Hainbat pankarta ere ikusi genituen, euren kolorekoei animatuz.

Arratsaldean, txanda. LHko 5. eta 6. mailakoak izan ziren Basteron ikuskizuna eskaini zutenak. Maila handiko emanaldia izan zen, irudimentsua eta oso landua. Ikusleen arreta bereganatu zuten eta txalo zaparrada ugari jaso zituzten.

LHko 3. eta 4. mailakoek, arratsaldez, Koloreen Olinpiadari ekin zioten. Animaziorik ez zen falta izan. Hango “Horiak-horiak-horiak…” eta “Moreak-moreak-moreak…” eta, nola ez, “Arrosak-arrosak-arrosak…”. Azkenean, meriendatu eta gero, sari-banaketaren unea heldu zen, eta aurtengo txapeldunak…. Moreak izan ziren. Baina gurean parte-hartzaile guztiek jasotzen dute saria eta ikasle guzti-guztiek eraman zuten euren domina etxera.

Behean dituzue, egunak emandako laburtzen dituezten argazkiak. Aurki, Basteroko ikuskizunen bideoak ere ikusgai izango dituzue.

  • Pregoia eta Kolore-Olinpiadaren argazkiak, HEMEN
  • Basteroko ikuskizunen argazkiak, HEMEN