ZURI ERE GERTA DAKIZUKE

Urtero lez, AESLEME elkarteko kideen bisita jaso dugu ikastolan oporrak hartu aurreko aste honetan. DBH 3 eta batxilergo 1. mailako ikasleei zuzendutako hitzaldia ematera gerturatu ziren bertako bi kide, istripuak saihesteko gerta dakizuke kanpainaren baitan.

AESLEME bizkarrezur-muineko lesioak eta burezur-garuneko traumatismoak saihesten lan egiten duen elkartea da. Aldi berean, gizartea istripuen ondorioez sentsibilizatzeko ahalegina egiten du. Hitzaldian azpimarratu zutenez, bizkarrezurreko eta muineko lesioak 15 – 25 urte bitarteko gazteen artean ematen dira nagusiki eta urtero, estatu mailan, 1000 pertsonek sufritzen dute horrelako lesioren bat. Ez da zifra arina.

Hizlariek oso modu erakargarrian transmititu zituzten ideia nagusiak eta etengabe azpimarratu zituzten bizkarrezur-muineko lesioen ondorioak oso latzak direla eta behin betikoak. Horrela, istripuak saihesteko premia dagoela argi eta garbi esan zuten: uhala beti erabili behar da, buru-euskarria gure altuerara egoki behar dugu, kaskoa homologatua izan behar du… Azalpen guztiak bideoekin eta gertaera pertsonal eta errealen kontakizunekin lagundu zituzten.

Ikasleak adi-adi egon ziren hitzaldian eta orain zein etorkizunean erabiliko dituzten gomendioak lagungarriak izan zirelakoan gaude.