PUBLIZITATEA ETA GORPUTZAREN GURTZA

DBH 3ko ikasleek “Publizitatea eta gorputzaren gurtza” izeneko tailer batean hartu zuten parte  joan den ostiralean. Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Insitutoaren eskutik, publizitateak subliminalki igortzen dizkigun mezuez eta mezu horiek gure iruditegia eraiki eta moldatzeko duten botereaz aritu ziren, batez ere edertasun estandarrei dagokionez.

Hala, zenbait galderen inguruan hausnartzeko parada izan zuten: Zergatik dugu gustuko gustuko duguna? Zergatik dugu denok edertasun ideal bera? Zer egiteko prest gaude eredu horietara iristeko? Jaiotzaz datorkigun zerbait da ala bidean ikasten duguna publizitatea eta sare sozialak tarteko?

Hausnarketaz gain, praktikara ere pasa ziren. Batetik, bakoitzak bere buruarengandik eta ondoko ikaskidearengandik gustuko dituen aspektuak azpimarratzeko tartea hartu zuten. Bestetik, publizitate kanpaina handiei kontrapublizitate kanpaina batzuk ere asmatu zizkieten.

Sare sozialek eta publizitateak hainbesteko presentzia duten honetan, ziur begirada zorrozteko baliogarri izan zitzaiela.